Basikoa ala MIDI?

Itxuraz berdinak izan daitezke baina barrutik ez, bi triklatu mota hauen antzekotasun eta ezberdintasunak xehetasunean aztertuta.


Triklatu basikoak SinteTxiki modulua ekartzen du, MIDIak aldiz ez, eta hala ere MIDIa garestiagoa da, zergatik?

Triklatu basikoak sakatutako teklen informazioa ateratzen du, eta informazio hori musikatuko duen gailu bat behar du. Izan daiteke Windows ordenagailu bat STB programarekin, edo izan daiteke SinteTxiki modulua (azken finean Linux ordenagailu txiki bat dena).

MIDI triklatuak aldiz sakatutako teklei dagokien noten informazioa ateratzen du MIDI USB estandarra jarraituz. Informazio hau musikatzeko ere gailu bat behar da, baina ezberdintasuna da MIDI estandar oso zabaldua denez honek ematen dituen aukerak askoz ugariagoak direla. Konektatu genezake mugikor batera, sintetizadore batera, MIDI bluetooth modulu batera, ordenagailu batera... Eta batez ere, gailu hauetara konektatzean informazio honi zukua ateratzeko aukerak askoz zabalagoak dira, efektuak gehitu (kanal bakoitzeko ezberdinak izan daitezkeenak), jotako audio edo MIDIa grabatzea, partiturak zuzenean idaztea...

Triklatuak MIDI gaitasuna izateko programazio beharra dauka, eta elektronika egokitzeak garapen esanguratsua behar izan zuen eta horrek noski kostu bat dauka. 

Nabarmentzekoa da bide batez SinteTxiki modulua konpatiblea dela MIDI triklatuekin ere (edo beste edozein MIDI USB instrumenturekin), eta triklatuaz aparte eros daiteke, triklatu autonomo bat nahi bada (hau da piztu eta jo soilik egin behar dena) baina nahi denean MIDIk ematen dituen abantailei zukua ateratzeko aukerarekin.


Soinu kalitatea berdina da bientzat?

SinteTxikik 3.5mm-ko jack irteera bat du, eta bertarik soinua 17kHz-ko lagin tasarekin (sample rate) eta monoan ateratzen du. Hau beharrezkoa da soinuaren latentzia duhin bat lortzeko, kalitate gehiago ateratzekotan soinuaren atzerapena handitu beharko bailitzateke. Bestalde, SinteTxikik duen USB portuan Hub bat ipini daiteke triklatuaz gain gailu gehiago konektatu ahal izateko, adibidez soinu txartel bat. SintxeTxikik piztean soinu txartela konektatuta dagoela ikusten badu hara bideratzen du soinua, kalitate osoan (48kHz-tan eta stereon), eta gainera atzerapena ere txikiagoa izango da.

Bestalde aipatzekoa da SinteTxikik sf2 motako soundfont pluginak erabiltzen dituela, eta konpresio pixka bat aplikatzen diola soinuari (akordeak errealago sonatzen dute hala).

MIDI triklatu bat erabiltzean, lortutako soinu kalitatea erabileraren araberakoa izango da. Adibidez, zuzenean mugikorrera konektatzen bada eta beronen bozgorailutik edo aurikular irteeratik entzun, seguruenik lortuko den atzerapena SinteTxikirekin lortutakoaren antzekoa izango da, baina soinu kalitate osoarekin (baina konpresio gabe). Aldiz ordenagailu batera konektatu ezkero bertan aukera gehiago izango ditugu irteera nondik eta nola egin nahi dugun hautatzeko. Esaterako soinu txarteletik atera ezkero ASIO driverra erabiliz atzerapena oso txikia izango da eta soinuaren kalitatea aukeratu ahal izango dugu.